Iragan den martxoaren 10ean Ezkerretik Bilduz bilgunea osatu genuen. Ezker independentista eta soberanista iraultzailea elkartu nahi duen Herritar Batasunaren aldeko ekimen honek, aldaketa politikoa eta soziala bizkortu eta sakondu nahi du, parte-hartzea sustatuz eta eztabaida librea bultzatuz.
Munduan eta Euskal Herrian aro politiko berri baten hastapenean gaude, merkatuen diktadurapean langile klasea, kontrol politikotik at, eta burgesiaren zerbitzuan dauden erabakigune ezkutuen menpe jarri nahi dute. Neoliberalismoaren dogma, gizakion behar eta eskubideen gainetik ezarri nahi dute. Hori dela eta, zalantzarik gabe, kapitalismoa birziklatzeko saiakerak alferrikakoak dira. Kapitalismoaren berrantolatze saiakeraren aurrean, Euskal Herrian eta Europako nazio zapalduetan alternatiba sozialistak eta parte-hartzaileak gauzagarri izan daitezen, oinarri sendoak eraikitzeari ekin behar dio ezker iraultzaileak.
Euskal Herrian, aldi berean, ziklo politiko berria zabaldu da. Ezker Abertzaleko erakundeok abian jarri dugun aldebakarreko prozesua gure testu-inguru geopolitikoan ematen ari diren aldaketekin batera garatzen ari gara, eta ondorioz, gure ekinarekin aldaketa sozio-ekonomikoa eta politikoa egikaritzeko baldintzak sortu ditugu. Alabaina, alde bakarreko prozesuak baditu bere mugak eta aurreko fasea desblokeatzeko balio izan badu ere, prozesu hori ezin da mugagabea izan, aldebiko pausuak behar ditu. Espainiako eta Frantziako estatuek ez dute bake prozesu bat abiatzeko beharrik, eta argi izan behar dugu, euskal gatazkaren konponbidea ez dela borondate oneko akordio bidez lortuko, indar menderatzaileen ardatzak agerian jartzen direnean baizik.
Hegoaldeko eta Ipar Euskal Herriko sistema juridiko-politikoak eta ekonomikoak porrot egin du. Nafarroako foru-hobekuntza, Iparraldeko ezarpen administratiboa eta Gernikako estatutua, burujabetza sozio-politikoa lortzeko oztopo dira, gure herriaren zatiketa eta dependentzia bermatzeko diseinatu zirelako.
Testu-inguru honetan egungo erakundeetara mugatzen den jardun politiko tradizionala, gure helburuak lortzeko ez da bideragarria. Marko hori gainditu egin behar da eta hori, parte-hartzailea eta demokratikoa izan behar den ibilbide-orri soberanista batek soilik lor dezake.
Atarian ditugun Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako hauteskunde hauek ibilbide-orri independentista eta sozialistaren kate-begi bat izan behar dira, ezen ziklo bat ixten du, kopuru-hazkundearen zikloa, eta ziklo berri baten hasieran kokatu behar gaitu. Borroka instituzionalean gehiegi itsutu gabe, etorkizunari begiratu behar diogu eta epe ertain-luzerako prestatu behar gara. Ofentsiban arituko den herri mugimendu baten alde egin behar dugu, horixe da garrantzitsuena. Horretarako, masa kritiko nahikoa artikulatu beharra dugu plan estrategiko baten bidez indar hegemoniko bilakatzea lortu arte.
EHBilduk arlo instituzionalean aritzeko beharrezkoa den indar metaketa partziala, baina irmoa, lortuko du. Baina beste borroka-ildoekin erkatu eta ardazteko moldeetan oraindik orain antzu gara Ezker Abertzalearen baitan. Eraldaketa sozialak herri mugimenduaren baitan ematen dira, eta instituzioak eraldaketa hori sustatzeko tresna soilak dira.
Alta, gure historiaren azkeneko urteetan gertatutakoa, mundu osoan geratzen ari dena, gu bezalako egoeran dauden Estaturik gabeko herrietan ematen ari diren prozesu hauek guztiak, hauteskunde prozesuak barne, ez dira alferrik pasatzen utzi behar eta egungo errealitateak eskatzen duen aldaketa sakona bultzatu behar da: erakundeetan, lantegietan, kalean, herri mugimenduan, kultur-arloan…
Ezker soberanista berriz ere mugitzen bada PNV, PSOE eta PP elkartu beharko dira, gobernua osatzeko ala gobernu autonomista babesteko. Zenbat eta bozka independentista eta ezkertiar gehiago bildu, orduan eta lotsagarriago geratuko da sistema kapitalista eta Espainiarekiko menpekotasuna babesten duten indarren jokoa. Ataka honetan, egungo sistema sustatu eta garatzen duten indar politikoekin gobernu akordio bat ulertezina litzateke.
EHBilduren alde bozkatzea militantzia osoaren betebeharra da, izan ere, koalizio honek soilik ordezka dezake Herri Langilearen nahia. Militantziaren bozka kritikoa bezain aktiboa izan behar da, hamarkadetako borrokaren fruituak jasotzeko ordua baita. Baina aldi berean, aliantza independentistako partaideei dei egin behar diegu, egindako akatsak zuzen ditzaten eta sektore iraultzaile ororekin batera Herritar Batasuna bultza dezaten. Burujabetzaren bidean adostu diren aliantza taktikoek ez dezatela Euskal Herriko langileria antolatua bere helburu estrategikotik aldendu eta guztion artean, independentziaren eta sozialismoaren binomioa hautsi gabe, estrategia sendo bat zehazteko eztabaida ireki dezagun. Honegatik diogu gure bozka kritikoa dela, kritikoa gure jatorria ahaztu ez dezagun eta kritikoa gure helburu estrategikoetan atzera pausurik eman ez dadin. Izan ere, hauteskunde hauetan hautets gehiengoa lortzearekin batera, Euskal Herriko mugimendu iraultzaileak erronka garrantzitsuak ditu. Mugimendu iraultzaileak botere instituzionala lortzea, bere baitan, ez baita herri demokraziaren eskakizunak erdiesteko berme nahikoa. Kritikotasun militante hori indar aktibo eta eraikitzaile moduan garatu behar da, politikoki, lehen pausu moduan, Herritar Batasuna gisa antolatuz eta instituzionalki Udalbiltza birsortu eta berrantolatuz. Horiek lirateke lehentasunez eraiki beharreko bi zutabe, demokrazia zuzena, ezkertiarra eta sozialista eraikitzeko antolatuak, beste eragile sozial eta sindikalekin euskal errepublikara iristeko ibilbide-orri bat kudeatuko duena.
EZKERRETIK BILDUZ