GASTEIZKO GAZTETXEA

JUVENTUD
Tools
Typography
  • Smaller Small Medium Big Bigger
  • Default Helvetica Segoe Georgia Times

 

Duela 25 urte,  1988ko apirilaren 28an, San Prudentzio egunean, gazteen manifestazio bat iritsi zen Gasteizko Alde Zaharreko eraikin zahar batera. Itxita zegoen, aspaldidanik, eta manifestazioko gazte ausartenek ostikoka atea zabaltzeari ekin zioten; baita lortu ere. Hala jaio zen Gasteizko gaztetxea, eta haren hormen artean amets eta egitasmo asko burutu dira mende laurden honetan. Eta burutuko direnak.

Interneten ikus daitezkeen irudiek garai bateko kutsua daukate, dela bideoaren kalitatearengatik, dela okupazioa burutu zuten gazteen janzkeragatik. Bai, denbora pasa da, baina gaztetxearen espiritua ez da aldatu. Hobeto esanda, aldatu aldatu da, berritzeko eta eguneratzeko, baina 1988an bezala orain ere, beste inon aurkitzen ez duten askatasunaz disfrutatzen dute gazteek gotzaiaren kotxerak izan ziren eraikinean. 

Galder Ruiz eta Iñaki Goñi gaztetxea kudeatzen duen Gazte Asanbladako kideak dira. Azterketa garaia da eta lanpetuta dabiltza, baina gaztetxea erakusteko eta hemen egiten dena azaltzeko denbora hartu dute. Beheko solairua patio handi bat, garai batean karroak gordetzen ziren tokia. Orain eszenarioa dago hor, baita bizikletak konpontzeko tailerra eta bigarren eskuko arropa denda ere. Eskaileretan gora eginda, eskalada tailerra, euskara tailerra, taberna… badago bai gauzak egiteko aukera etxe honetan. Eta gaur egun bakean egiteko modua dago gainera, baina beti ez da horrela izan, Galderrek gogoratu digun moduan.

«Okupazioa gertatu eta hurrengo hilabeteak, baita urteak ere, ez ziren errazak izan. Esaterako, ‘ura edo guda’ kanpaina egin zen, eraikinean ura izateko. Gero, kanporatzeko arrisku handian egon ginen, batez ere Alfonso Alonso alkatearen garaietan, hark ezin baigintuen begi bistan ikusi. Orduan sozializatu beharra genuela ikusi genuen, herritarrei gure berri ematekoa, eta oso erantzun ona jaso genuen. Azkenean, Alonsok alde batera utzi zituen bere proiektu zoro haiek, bosgarren dorrea esaterako, eta parkina, eta orduz gero nahiko bakean bizi izan gara» dio Galderrek. Gaztetxe Eguna eta Piztu Gasteiz izan ziren gizarteratze helburuz egindako kanpainetako bi.

Egun, aste egunak lasaiak izaten dira gaztetxean. Tailerretan aritzen dira gazteak, esaterako eskulanen tailerrean, edota euskara ikasten. Boxeoan aritzeko aukera ere izan zuten, bitxia bada ere, kirol hori praktikatzen duen talde baten eskutik. Baina asteburua iristearekin batera berpiztu egiten da eraikina. Ostiralero eta larunbatero izaten dira kontzertuak, Gazte Asanbladak edota hiriko beste kolektibo batzuk antolatuta. Esan beharrik ez dago azken asteotan jaialdiak, hitzaldiak eta bestelako ekitaldiak biderkatu egin direla, gaztetxearen 25. urteurrena ospatzeko.

Funtzionamenduari dagokionez, Iñakik garbi utzi nahi du inork ez duela ezer ordaintzen tailerretan parte hartzeagatik, ezta kobratu ere ikastaroak emateagatik, direla autodefentsa, perkusioa, txalaparta, frantsesa edo sukaldaritza tailerrak. Hori da gaztetxearen filosofia eta horri eusten diote. Autogestioa ere etxearen marka da, eta horretan ere ez dute urrats bakar bat atzera eman. Hiriko gaztetxe bakarra da egun Alde Zaharrekoa, nahiz eta beste bi ere izan ziren garai batean, baina nonbait ez ziren boterearen gustuko: Zaramagako Zaramazulo¡ Guardia Zibilak hutsarazi zuen, eta Judimendikoa Ertzaintzak, jaio eta hilabete gutxira.

Autogestioaren garrantzia

Izan ere, gaztetxeak askatasun espazioak dira, Iñakik azaldu digunez: «Zer eskaintzen duen gaur egun gaztetxe batek? Esparru irekia da eta librea, hori hasteko. Erakundeetan edo hainbat toki publikotan jartzen dituzten mugak hemen ez ditugu jasan behar gazteok. Hemen edozein gauzataz eztabaidatu daiteke, ez dago zentsurarik, Jaurlaritzaren edo udaletxearen menpeko diren esparruetan gertatzen denaren kontra. Ordutegia ere librea da, edo libreagoa bederen, beti ere inguruko bizilagunak errespetatuz». Honetaz gain, gaztetxea herri mugimenduaren tresna ere bada, beste inon burutu ezin dituen egitasmoak hemen egin ahal izango ditu-eta.

Autogestioaren garrantzia aipatu dugu gorago. Burujabetasuna ez daukate saltzeko Gasteizko gaztetxekoek. Erakundeekin daukaten harremana hutsaren hurrengoa da, eta seinale ona dela irizten diote; alegia, ez diotela elkarri trabarik egiten. Udala saiatu izan da gazteak Alde Zaharreko eraikinetik bidaltzen, Ansoleta auzoan instalatzeko, baina gutxieneko azpiegiturarik eskaini gabe han. Jakina, horrelako traturik ez zuten onartu eta horretan geratu zen kontua. 2011ko irailean Bilboko Kukutza gaztetxea hutsarazi zutenean, istilu handiak sortuz, Gasteizko alkate Javier Marotok (PPkoa berau) publikoki adierazi zuen Gasteizkoarekin ez zela gauza bera gertatuko. Hori bai, duela gutxiErtzaintza bi aldiz sartu da gaztetxean, inongo azalpenik eman gabe, eta gazteak saiatu dira jarrera horren zergatiak galdetzen Barne Sailari, Bilduren bidez, baina arrakastarik gabe.