5:30ean jo du turrunak Ondarroako Aske Gunean, Iurretatik Ertzaintzaren furgoneta guztiak atera direla abixatzeko. Denboraz ondo, ehundaka herritar zubira igotzen hasi dira, Urtza Alkorta babesteko herri harresia eratzera.
Ertzaintza 7:00ak inguruan heldu da, baina 8:00ak arte ez da harresiko jendea era bortitzean ateratzen hasi. Lehenik, kazetariak alboratu dituzte, baita harresi kanpoan zeuden herritarrak ere. Besteak beste, erizain bolondresak ere kanporatu dituzte, zituzten lan tresnak kenduaz.
10:00etan atxilotu dute Alkorta, arrastaka eta indarkeria handiz, “Urtza maite zaitugu!” oihuen artean. Bi orduko erresistentzia desobedientearen ondoren, “Gaur guk irabazi dugu!” oihu artean bidali dituzte ertzainak Ondarroatik.
Aske Gunetik salatu dute Ertzaintzak jarrera bortitza agertu duela momentu oro, batez ere kamerak gutxitzerakoan. Bortizkeria horren ondorioz, zauritu ugari omen daude; kolpeka zein iletik edo hanketatik arrastaka atera baitituzte herritar ugari (tartean pertsona helduak).
Zaurituez gain, bi gazte ere atxilotu dituzte, Breogan Fernandez eta Beñat Apalategi, “autoritateari erresistentzia” egitea egotzita. Donostian Segiko kide izatea egotziz auzipetutako bi dira; Espainiako Auzitegi Gorenak absolbitu egin zituen biak. Ondarroako polizia-etxean izan ostean, aske utzi dituzte. Apalategik mediku batek ikusteko eskatu du, salatu baitu ertzainek jipoitu egin dutela. Beste zortzi lagun ere identifikatuak izan dira, eta txostena zabalduko diete, euren burua identifikatzeari uko egin diotelakoan.
Ondarroan ez ezik, Euskal Herri osoan eta baita nazioartean ere sekulako oihartzuna izan du Ondarroako Aske Guneak. Gaur goizean, Twitterren, estatu espainiarreko TT izatera iritsi da #ResistUrtza traola. Hemendik aurrera #FreeUrtza erabiltzeko deia egin dute.
[Argia] Desalojoaren hasiera:
[Argia] Ertzainak Zubi Harresiaren bihotzera heltzen:
[Argia] Urtzaren azken 6 minutuak harresian:
[Argia] Zubi Harresiaren osteko balorazioa:
FUENTE: http://topatu.info/urtza-alkorta-atxilotu-dute-eta-ondarroak-irabazi-du/