Bulegotik kalera. Poliziaren indarkeria eta zigorgabetasuna

JUVENTUD
Tools
Typography
  • Smaller Small Medium Big Bigger
  • Default Helvetica Segoe Georgia Times

Poliziaren gehiegikeriek hainbat euskal herritarren heriotza eragin dute azken urteetan zehar, zigorgabetasuna lagun izanik

Poliziaren eginbeharraren inguruko eztabaida ez da atzo sortutakoa, ezta herenegun sortutakoa ere. Joera baten ustetan ordena da lortu beharrekoa, jendarteko ordena. Bestearen aburuz, berriz, justizia.

Aurreneko teoriaren babesleen iritziz, legea hausten dutenak zorrotz zigortu behar dira, beraz, poliziaren errepresioa beharrezko ikusten dute. Bakoitza bere ekintzen jabe dela sinesten dute.

Bigarrenaren aldekoek, berriz, delitua legez definitu behar dela dioten arren, lege haustea arrazoi psikologoko, sozial zein bestelakoengatik eraginda izan litekeela sinesten dute. Horregatik, poliziek delitua egin duen pertsona horren jokaera ulertzeko ahalegina egin beharra daukate. Herriarekin bat egindako polizia izan beharko luke, prebentzioa lehenetsiz. Epaitegietan ere, garbi ikusten dute lege haustearen baldintzak kontuan hartu beharko liratekeela.

Bada poliziak beste funtzio bat betetzen duela dioenik ere. Alegia, estatuaren boterearen indar errepresiboak direla. Sistemaren iraupena eta garapena bermatzeko erreminta. Beraz, poliziaren gehiegikeriak estatuak berak babestu eta prestatzen ditu, bere momentuko interesak mantendu ahal izateko. Horren adibiderik ez da falta Euskal Herrian; herritar asko hil dira poliziaren errepresio eta gehiegikeriaren eraginez.

Bati baino gehiagori 1978ko San Ferminak etorriko zaizkio gogora. German Rodriguez hil zuen poliziak zezen plazara bortizki sartuta. Egun batzuk beranduago, Joseba Barandiaran hil zuen poliziak Donostian, gertaerak salatzeko manifestazioan.

Gas potoarekin aurpegia erreta

Mikel Iribarren larri zauritu zuen Espainiako poliziak 1991ko abenduan, bertatik bertara botatako gas poto batekin. Bizi osorako ondorioak eragin zizkion horrek. 459 egun behar izan zituen osatzeko eta, ordutik, % 37ko elbarritasuna dauka. Ebakuntza asko egin behar izan zizkioten, oinez ibiltzen berriz ikasi, eta, egun, epilepsia dauka horregatik, baita orbanak aurpegian ere. Testigu batzuen arabera, bi metrotatik bota zioten potoa. Gainera, lurrean konorterik gabe zegoela eta potoko kearen eraginez aurpegia erretzen ari zitzaion bitartean, ez zioten lagundu.

Iribarrenek kalte ordaina jaso behar zuela ebatzi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak 1998an, baina 2003an baliogabetu egin zuen neurria. Gainera, Espainiako poliziak uko egin zion ke potoa bota zion polizia zein izan zen zehazteari. 2008an, baina, Estrasburgoko auzitegiak Espainia zigortu zuen gazteari tratu “jasanezin eta umiliagarria” emateagatik. Baita prozesu judizialaren luzapenagatik ere. Aurrekaririk gabeko epaia izan zen hura.

Iribarrenena gertatu eta bi urtera, Iruñean bertan, Mikel Ayensa, Juantxo Molina, Cesar Perez eta Txuma Olabarria zauritu zituen poliziak gomazko pilotekin zein jipoiekin. Olabarria koman egon zen pilota batek emandako kolpearen ondorioz, eta garuneko lesio iraunkorrak eragin zizkion. Urte horretan, 77 urteko Alejandro Gorraiz hil zuten, Iruñeko Alde Zaharreko etxe batera ke poto bat botata.

Gomazko pilotak

Bi urtera, 1995ean, Rosa Zarra hil zuten gomazko pilota batekin. Bezperan, Donostiako Anoeta parean ehunka herritar elkartu ziren, Tolosako hilerrian Lasa eta Zabalaren senideen aurka izandako bortizkeria salatzeko. Haien alboan, ETAk orduan bahituta zeukan Jose Maria Aldai enpresaria askatzeko eskatzen ari ziren beste herritar batzuk. Aurrenekoei gogor oldartu zitzaizkien ertzainak. Inguru hartan, gertatzen ari zenaz ohartu ez ziren pertsona edadetu batzuk zeuden, tartean Rosa Zarra. Ertzain batek oso gertutik egin zion tiro sabelera; handik ospitalera eraman zuten, eta bertan hil zen zortzi egunera.

Garai hartan Juan Mari Atutxa zen Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua. Bere esanetan Ertzaintzak ez zuen zerikusirik izan gertakarian. Pilotaren kolpea “zirkunstantziala” izan zela esan zuen. Zarrari urte batzuk lehenago giltzurrunaren transplantea egin ziotelako hil zela azaldu zuen. Haren ebakuntzan parte hartu zuen Donostiako Ospitaleko mediku batek, ukatu egin zuen gertaera hori. Hasteko, azaldu zuen “oso ongi” ezagutzen zuela Zarra giltzurrunaren transplanteagatik. Herrizaingo Sailetik emandako bertsioa baieztatzeko ez zegoela frogarik ere azaldu zuen gero. “Zoritxarrez, jakinekoa da Rosa osasuntsu zegoen emakumea zela pilotakada jaso aurretik, eta jaso eta zortzi egunera hil egin zela”.

Heriotza gertatu aurretik familiak salaketa jarri zuen, besteak beste pilota kolpearen egilea identifikatzea eta zigortzea eskatuz. Donostiako Probintzia Auzitegiak Herrizaingo sailburuaren tesia bere egin, eta auzia artxibatu zuen.

Rosa Zarraren aurretik beste hiru lagun hil ziren pilotakaden ondorioz Euskal Memoria fundazioak egindako bilduma batek dioenaren arabera: 1973an Jose Luiz Aristizabal eta Isidro Susperregi hil zituzten Donostian. 1977an, berriz, Luis Santamaria, Iruñean.

Nafarrete eta Cabacas

Urtebete baino gutxiago pasa da Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz izandako azkeneko hilketatik. Iazko apirilaren 5ean Athleticen partida baten ondorengo istiluetan zauritu zuen Ertzaintzak Iñigo Cabacas, 28 urteko Basauriko bizilaguna. Gomazko pilota bat bota zioten burura, eta buru-hezurra hautsi zion. Garunean kalte handiak eragin zizkion, eta lau egunera hil zen.

Astebete lehenago greba orokorra izan zen eta, orduan ere, gazte bat zauritu zuten ertzainek, lau metroko distantziatik gomazko pilota bat botata. Kolpearen ondorioz lurrera erori zen Xuban Nafarrete gasteiztar gaztea eta, han zegoela, grebako esku-orriak ahoan sartu eta jipoitu egin zuten. Zainketa Intentsiboen Unitatean egon behar izan zuen, eta ondoren, hiru hilabeteko errekuperazioa jasan. Inor gutxik jo zituen bi kasuak kasualitatetzat.

Rodolfo Ares Herrizaingo Saileko sailburua zenak, hasiera-hasieratik baztertu zituen bi gazteen senideek aurkeztutako bertsioak. Cabacasen kasuan, Bilboko alkate Iñaki Azkunak adierazi zuen ez zela deklarazioak egiteko momentua. Premiazko udalbatzarra egitea ere eskatu zion Bilduko udal taldeak, “heriotza salatzeko, familiarekiko elkartasuna adierazteko, gomazko pilotak erabiltzeari uko egiteko eta erantzukizuna eskatzeko”, baina ez zuen onartu. Cabacasen senide eta lagunek Aresek “gezurrak besterik ez dituela esan” uste izaten jarraitzen dute.

Xuban Nafarreteren kasuan, Aresek hasiera-hasieratik ukatu zuen gomazko pilotak eraginda zauritu zela gasteiztarra. Haren arabera, eroritako baten ondorioz hartu zuen min gazteak. Nafarreteren aitak gezurretan aritzea egotzi zion sailburuari, baita dimititzeko eskatu ere, semea pilotakadaren erruz zauritu eta erori zela adieraziz.  Nafarretek Ertzaintzaren aurka jarritako salaketa artxibatzea erabaki zuen epaileak urtarrilean, hura eta beste bi lagun desobedientzia egotzita auzipetuz.

Duela sei urte ere izan zen antzeko kasu bat. Sona handia izan zuen 2007ko Kontxako estropada egunak, Ertzaintzak gogor egin baitzuen amnistiaren aldeko manifestazio baten aurka. Jabal Bober Dimako gazte bati aurpegian haustura eragin zion pilotakada batek. Hedabideetan salatu zuen gazteak gertatutakoa, eta handik egun batzuetara inputatu egin zuten, istiluetan “aktiboki” parte hartzea leporatuta.

Poliziaren presioa

Remi Ayestaran “ertzaintzaren errepresioak hil” zuen. Hala salatu zuten bere senide eta lagunek. Euskal preso politikoen aldeko ekimenek jasaten dituzten etengabeko erasoen biktima izan zen. Bihotzekoak jota hil zen 2009ko uztailean. Ayestaran Vilabonako alkateordea zen orduan. Hileko azken ostirala zenez, presoen aldeko ekimena zegoen antolatuta. Hura hasi behar zen ordurako, ordea, herria poliziaz bete zen eta, hori ikusita, ekimena bertan behera uztea erabaki zen. Ondoren, herriko gazte asanbladak antolatutako kontzertu batzuk ikustera joan zen Ayestaran hainbat lagunekin batera.

Ertzain bat Ayestaran zerbait hartzen ari zen txosnara hurbildu zen, eta galderak egiten hasi zitzaion: “Nahiko ondo jotzen du taldeak, ezta ba Villabonakoa izango?”. Ayestaranek ez zekiela erantzun zion. “Baina, zu Villabonakoa zara ezta? Jakin beharko zenuke hemengoa al den. Ala ez?”, jarraitu zuen ertzainak. Zinegotziak “ez dakit” erantzun zion berriz. “Beraz, Villabonakoa zara, talde hori hemen jotzen ari da, eta ez dakizu bertakoa den ala ez; hortaz, zer zara, tontoa?”. Zinegotziak berdina erantzun zion: “Ez dakit ba”. Ertzainak nahikoa ez eta honakoa galdetu zion: “Baina ze esaten ari zara, ez dakizula tontoa al zaren edo ez zaren?”. Zinegotziak, berriro ere “ez dakit ba” erantzun zion.

Bertatik aldentzea erabaki zuen alkateordeak, ibai aldera joanez. Gaizki sentitzen hasi zen, eta inguruan zegoen lagun bati laguntza eskatu bezain pronto erori zen lurrera. Ospitalera eraman arren, ezin izan zuten ezer egin haren bizia salbatzeko.

Estatuaren tresna

Asko dira poliziaren gehiegikeriaren adibideak Euskal Herrian, hemen aipatutakoak baino askoz gehiago. Jendartearen kontrolerako tresna direla uste dute askok, LAB sindikatuak kasu: “Neurrigabeko indarkeria erabiltzea bulegoetan diseinatzen den herritarren aurkako errepresio estrategia da”.

Nazio Batuen Erakundeak ezarrita dauzka Legea betearazten duten funtzionarientzako jokabide-kodea eta Legea betearazten duten funtzionariek indarra eta su armak erabiltzeari buruzko oinarrizko printzipioak. Horren helburua, mundu guztiko poliziaren jarrera “egokia” lortzea da. Bertan dioenaren arabera, susmagarri batekin indarra salbuespenez baino ezin lezakete erabil poliziek, gainontzeko bitartekoek emaitzarik ematen ez diotenean bakarrik. Legez kanpoko manifestazioetan, adibidez, ez daukate indarkeriarik erabiltzerik. Erabiltzekotan, gutxieneko indarra erabili beharko lukete, beti ere, legez eta neurriz.

Su armak hilgarriak direnez, ez direla erabili behar diote NBEko kodeak eta printzipioek. Gainontzeko norbanakoentzat “mehatxu” diren pertsonen atxilotze kasuetan soilik erabili ahal omen dira. Hark erresistentzia erakutsiko balu eta beharrezkoa balitz bakarrik erabili litezke, beti ere poliziek aldez aurreko ohartarazpenak eginez. Poliziak norbait zaurituko balu, “jazarritako pertsonen biziaren eta osasunaren alde” jokatu beharko lukete, osasun zerbitzuei eta zaurituaren senideei deituz. Teoriatik praktikara egon ohi diren amildegien adibide argia dugu honakoa.

 

FUENTE: http://topatu.info/bulegotik-kalera-poliziaren-indarkeria-eta-zigorgabetasuna/